
ELIKADURA BURUJABETZA TAILERRA
Oilarraren kantarekin batera, ohetik jeiki eta zeruari begira gelditu gara, gu bezalako beste nekazari txikien arnas hatsa jaso eta gogotsu naturarekin bat egitera goaz. Eskuekin lurra eta zerealak sentitu guran, begiekin koloreak eta paisaia, belarriekin egurraren hotsa eta txoriaren kanta, azalarekin haizearen norabidea eta orearen xamurtasuna, ahoarekin ider fresko eta ogi berriaren zaporea, sudurrean elikagai naturalen eta lorearen usaina eta bihotzarekin, batez ere bihotzarekin, naturaren indarra sentitu guran jantzi ditugu gaur katiuskak eta txapela.
Elikadura burujabetza tailerrak Aramaioko Azkoaga auzoan dauden Euzki okindegian eta Itturralde baserrian jorratzen dira. Bi proiektu hauetan agroekologian oinarritutako baserri bizitza eta nekazaritza jardueran dihardugu.
Bertara gerturatzen zaretenoi esperientzia bizi batez disfrutatzeko aukera eskaintzen dizuegu. Naturarekiko harremanean eta errespetuan hausnartzeko aukera izango duzue, eskuak eta zentzumen guztiak piztuko dituzue ortuko eta okindegiko ekintza ezberdinekin. Bertan ekoizten diren produktuak ere dastatuko dituzue.
Arteari ere keinu bat egingo diogu, musika, ipuinak eta koloreen bitartez, landareen eta ogiaren zikloak eta prozesuak ezagutu eta hauetan parte hartuko duzue, naturan bizitzearekin batera, inguruneari eta pertsonoi egokitzen zaigun denbora eta erritmoekin bat eginez.
Arbasoengandik jaso dugun jakituria eta Baserriaren nortasuna berreskuratzeko amets honetan egizue gurekin bat.
“Eskuak dira gizakiok daukagun lan tresna funtsezkoena! Erabil ditzagun!”