top of page

ZALDIEKIN LAGUNDURIKO TERAPIA

Heldu gara zalditegira, lehengo aldia da gatozela, ez dakigu zer aurkituko dugun, urduri gaude emozioz blai, pozez eta irrikaz… Kotxetik jaitsi eta  zaldien irrintziak entzuten ditugu. Zuhaitzek ere, beraien adar eta hostoekin dantzan, musika armoniko batez ongi etorria ematen digute. Kortara gerturatzen gara eta animalien begiradek, ximaurraren eta moztu berri den badarraren usaiak, han dauden pertsonen goxotasunak biltzen gaituzte… guztiak elkarrekin, naturarekin bat eginda bizi dira . Dartañan izeneko zaldi zuriaren gainera igo, eta bagoaz basoan barrena txorien kantak bidelagun ditugula.

Ohartzen gara, bizitzan ahaztuko ez dugun une ahaztezin bat  bizitzera goazela!

 

Zaldiez lagunduriko terapia gaur egungo terapien osagarri da. Zaldia elementu terapeutiko gisa erabiltzen duen terapia, ahalmen urritasun desberdinak dituzten pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko asmoz garatu da. Inguru natural batean egiten den ekintza da, natura eta zaldiekin harreman estua duena. Honek ahalbidetzen du, naturarekin edo animaliekin inolako kontakturik ez duten pertsonek, hauekin harremanetan jartzean, esperientzia berriak bizitzeko aukera izatea. Horregatik, batez ere ahalmen urritasuna duten pertsonekin lan egiten dugun arren, zaldiekin eta naturarekin kontaktu berezia izan nahi duen pertsona ororentzat zuzenduta dago terapia mota hau.

 

Terapia, hiru alor ezberdinetan banatzen da: hipoterapia, zaldiketa terapeutikoa edo ekinoterapia eta behar bereziak dituzten pertsonentzako zaldiketa, kirol gisa ulertuta. Alor hauetako bakoitza behar edo zailtasun desberdinei egokituta dago, pertsona bakoitzari egokitutako estrategia terapeutiko desberdinak erabiliz.

‘Sustraibarri’ elkartean, hipoterapia eta ekinoterapia arloetan egiten dugu lan batez ere.

 

Nori zuzendua

 

  • Ahalmen urritasuna duten pertsonei: Fisikoa, psikikoa nahiz sentipenezkoa izan.

  • Ahalmen urritasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteei, guraso elkarte, kirol elkarte nahiz aisialdi elkarte izan.

  • Gizarte integrazio arriskuan dauden pertsonei.

 

 

 

Non egiten ditugu zaldiekin lagunduriko terapiak edo ekintzak?

 

Zornotzako Katibi zalditegian gaude, Ibarra sagardotegiaren alboan, autopistaren ondoan.

Katibi zalditegian, pista estalia, 800mko pista irekia (hipodromoa), basoa, zaldira igotzeko garabia, egokitutako material espezifikoa eta hipoterapiarako zaldi bereziak ditugu.

Nola egiten dugu lan?

 

  • Banakako saioak. 30 edo 45 minututako saioak. Erabiltzaileak dituen beharren arabera lanerako planifikazio bat egiten dugu eta  bakoitzarekin helburu konkretuak lantzen ditugu.

 

  • Taldekako saioak. 2 orduko saioak, 4-8 pertsonez osaturikoak.

bottom of page