
AUZOLANA
Iratzargailuak goiz jo du nahiz eta asteburua izan. Ohetik jaiki eta eguneroko errituak amaitu ondoren lanerako arropak eta mendiko botak jantzi eta baserrirantz abiatu naiz Lan handia dago egiteko, baina, gustoko lana da, sari onekoa. Sari honek ez du poltsikoa betetzen, bihotza betetzen du.
Naturaren parte naizenez nire gorputza eta nire bihotzak naturaren beharra du, horixe baietz!
Natura zaintzen duenak, gu geu zaintzen gaitu.
Hamaika hazi mota, hamaika pertsona anitz. Nekazaitza ekologikoa, nekazari logikoa.
Hamaika harreman mota, bata bestea baino aberatsagoa.
Gogoz eta indarrez, batera goazen AUZOLANERA!
“Nahi dugulako eta ahal dugulako egiten dugu”.



Auzolan jarduerarekin eskualdeko pertsona desberdinei deialdia zabaltzen diegu, egun batean zehar eskualdeko baserri baten lan egiteko, non nekazaritza ekologikoa lantzen den. Deialdia eskualdeko herri(hiri)tar guztiei zabalduta dago, aniztasuna dugu eta helburu.
Larunbatean edo igandean antolatzen ditugu normalean. Egun horretan zehar, baserriaren ingurua eta nekazariaren lana ezagutzen dugu. Goizean zehar, berak antolatutako lan desberdinetan parte hartu, eta gero, elkarrekin bazkaltzen dugu. Ostean, guztion interesekoak diren gaien inguruan elkarrizketa zabaltzen da.
Horrela, testuinguru berri bat sortzen da: elkarbizitzarena. Horrekin batera, nekazal eremuak zaintzen dituztenei eskertzen diegu, beraien lanarekin inguruari ematen dioten garrantziagatik.
Auzolanen helburuak honako hauek dira:
-
Naturarekin eta nekazal eremuarekin harremanaz gozatu.
-
Nekazari ekologikoen lana ezagutu, eskertu eta sustatu.
-
Nekazari ekologikoen arteko harremanak eta jakituriak konpartitzeko aukera sortu.
-
Gure harreman eta sare sozialak zabaldu eta aberastu, guztion onerako den jarduera bat elkarrekin lantzen dugun bitartean.
-
Ingurugiro eta nekazal eremuaren zaintzaren garrantziaz kontzientzia hartu.
-
Gizarte kohesioa indartu, eta horrela ere, gizartearen osasuna eta aberastasuna garatu.
-
Gizarte burujabetasuna praktikatu, nahi, ahal eta behar dugun ekintza bat martxan jarriz.
EDUKIAK
Lehengo kontaktua:
Egun horretako baserria, bertako inguru naturala eta nekazarien lana ezagutzen dugu.
Lan egin:
Auzolan bakoitzean nekazariak aukeratzen ditu beharrezkoak zaizkion jarduerak. Taldeka antolatzen gara lan ezberdinak egiteko, adibidez: haziak erein, ureztatu, fruituak jaso, sasiak-garbitzeko makina pasatu, arraultzak batu, oilotegia garbitu, itxiturak jarri animaliak baratzan sar ez daitezen, ur putzu bat egin, teilatu bat konpondu, etab.
Elkarrekin bazkaldu:
Nekazaria arduratzen da guztiontzako bazkari bat prestatzen txokoan, baserrian, belardian… eta orduan denok batera gaudela nekazal eremuaren inguruan, herriaren gertaeraren inguruan, edo eta partehartzaileen proiektu interesgarriren inguruan hitz egiteko aukera izaten dugu.